XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kritikez gain, aurrerantzean zer egin ere proposatu du ETAk: impasse egoera hori ezin da luzatu, eta denbora galdu gabe gaur egungo egoera juridiko politikoa gaindituko duen proposamena egin eta martxan jarri behar da.

Kritikak edo une kritikoaren baiztapena baino gehiago, irtenbidea iruditu zaigu nabarmendu beharrekoa, eta halaxe egin dugu gure titulu nagusietan, beste egunkarietan interesgunea beste nonbaitera joango zela sumatu arren.

Nola ulertu behar da ur hotzezko zaparrada moduko hau Lizarra-Garaziko Akordioak lehen urteurrena ospatzeko bi aste eta Udal Hautetsien Biltzarra eratzeko hiru aste falta direnean?

Bitartekaria agerian

Ostegunean Egunkaria-ko erredakziora iritsitako prentsa oharrean, ETAk komunikazio zuzen eta ziurra bermatuko duten bideen bila arituko zela esaten bazuen, oraingoa erretzat jo daitekeela pentsatu behar da.

Horrela uler daiteke, bederen.

Interpretazio hori egin du El Diario Vasco-k, Beste bitartekari bat behar da elkarrizketara itzultzeko izenburuko artikuluan.

Logika horren barruan, albistearen egileak, Alberto Surio kazetariak, orain arteko bitartekaria nor izan den argitu du: Bitartekaritza nagusia Elizako sektore batzuek egin dute, eta, zehatz-mehatz, Juan Maria Uriarte Zamorako gotzainak.

Egia esan, Uriarte gotzainaren izena eta argazkia maiatzaren amaieratik aipatua izan zen zenbait komunikabidetan; esate baterako, La Vanguardia-n.

Izan ere, egunkari horretan, Mayor Oreja Barne ministroaren ondoan ateratako argazkia Barne Ministeriotik bideratua izan zen, gotzainaren gogoz kontra.

Dagoeneko esan daiteke Uriarte gotzainaren bitartekaritza, Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean zein Gobernuaren eta HBren artean, bideragarritasunik gabe gelditu dela.